Ekitaldiak kargatzen

MURGI

Non: Uhagon Kulturgunea Noiz: 2026/11/01 - 13:00

“MURGI”

Bueltan da MURGI, Tristtan Mourguyk bideratzen duen taldea, inoiz egin duen disko jostagarri eta eklektikoena aurkeztuz. Hemen da Haztamuka (2026, 10 kanta).

Ibilbide oparoa duen musikariaz ari gara, hamarkada bat baino gehiago pasa da Donibane Lohizuneko artistak aurreneko diskoa atera zuela bakarka, eta geroztik nabarmena izan da bere kantuak egiteko izan duen garapena. Bakarkako soiltasunetik pixkanaka, eta momentuak eta kantuek hala eskatua, bere gitarrarekin duen dohai bereziaz jendeaz inguratzen joan da, musikak lagunekin, beste musikariekin partekatua denean hartzen duen izaera mistikoari jarraituz.
Ibilbidearen azken garai honetan hiruko formatuan egonkortu da taldea, Cédric Lépine baterian eta Greg Juvin baxuan lagun izan dituela, eta hainbat instrumentu jotzen dituen laugarren musikari bat batu zaie azken disko honetarako, Hervé Pedeflous.

Disko berean hainbat estilo ezberdin jorratzeko dohaia du Tristtanek, hau bere diskografia osoan ongi islatu den ezaugarria da, eta proposamen berrirako ez da gutxiagorako izan. Haztamukak eskaintzen duen kantu bildumaren arten rocka gailentzen da: kantu zuzen eta bizkorrak, garapen handia duten piezak, funkytik edaten duten errepika itsaskorrak, erritmo akonpasatuak, distortsioa, elektrizitatea eta instrumentu organikoen arteko kontrastea, pasarte gogorrak, melodikoagoak,bigarren ahots sorta, kantaera goxoa eta beste batzuetan zoroa eta guturala…

Niri guzti honek 70.hamarkadako rock progresiboa ekarri dit gogora, batez ere Leopold Eibensteiner eta Fabien Lapouge gomita bereziek proposatzen duten kolore melodikoa zeharkako txirula eta klarinetearekin. Alegia, ondo nahastutako rock entsalada da MURGIk proposatzen duena Haztamukarekin.

Aitatasunak akaso ekarri dio sormenarekin eta proposatzeko manerarekin disko honetan nabarmen ageri den jostagarritasuna Tristtani. Komedia proposamen bezala bide zilegia eta eraginkorra dela ere erakusten du, umorea eta izaera espontaneoagoa duten kantaera eta mezuak batzen dira Haztamukan. Diskoa zabaltzen duen kantutik ahotsean duen anplitude eta erregistro ezberdinen kudeaketa hortik jasotzen baitut nik, jolasetik, eta disko osoan zehar honela
imaginatu dut nik Tristtan laguna, familia giroko laborategi koloretsu, dinamiko eta zintzoan.

Eta mezuari dagokionez egunean eguneko kezkak, teknologia berrien erabilerak gure ohiko dinamiketan, pentsaketan eta pentsaketa ezan, harremanetan, bizitzan haztamuka ibiltzeak duen eragina eta honek eragiten duen kezka. Norberaren askatasun ezak, dependentziak eta horrekin apurtzeko beharra… Dramatismo handirik gabe, mezua hor dago, bakoitzak  har dezala hobe datorkion perfiletik,baina mamitsua da gaia, garaikoa, eta funtsean, norberaren ohiturak kuestionatzeko gonbitea hor dago. Mobilari amodio kantu toxiko zoro bat ere eskaintzen dio tartean!

Hain iraungikorra den arreta eskaintzeko eskatzen du Tristtanek, arreta handiagoa gizatasunari, kontsumo ereduei, harremantzeko moduei, hizkuntza kodeei,amodioari… gure inguruan ukigarri zaigun hori baizik ez da benetakoa.

Unai Pelayo (Pelax, Physis Vs Nomos)