Panpina (Kamikaz kolektiboa)
Panpina (Kamikaz kolektiboa)
Sinopsia:
Erika Rooibos aktore ospetsua da.
Gaur bere publiko guztia gonbidatu du antzoki honetara: iritsi da mundu guztiaren aurrean egia esateko momentua.
Gaur, lehen aldiz, Erika Rooibos-ek maitasuna egingo du bere itzalarekin.
Aurkezpena:
Antzezlan honetan gai sakonak topatuko ditu ikusleak, umorea eta performance kutsuko aktore lan fisikoaz lagunduta: noiz bilakatzen da norbera panpina eguneroko bizitzan? Zer pasatzen da panpina baten burutik? Noiz behar dugu begiratu gaitzaten, eta zergatik? Emakume oro da panpina? Besteen begiradak egiten gaitu panpina?
Edozein pertsonak du maitatua izateko beharra. Baina zertarako gaude prest hori lortzearren? Beldurrak, ingurukoen iritziarekiko dependentzia… Besteen begiradaren aurrean panpina izatea menpekotasun keinu bat da, ala askatasun adierazpen gorena?
Erika Olaizola aktorearen bulkadaz sorturiko antzezlana da Panpina.
Oholtza gainean Erika Rooibos aktorearen argilunak erakusten dituen lana da Panpina, baina, era berean, edozein pertsonak izan dezakeen onarpen beharraren ertzak modu intimo bezain probokatzailean agerian jarriko dituena
Zuzendaritza eta aktorea: Erika Olaizola
Kanpo begirada eta idazketa orokorra: Oier Guillan
Kartela, eskuorria eta planteamendu espaziala: Leire Arenas
Iraupena: 60 min.
Edukiera mugatua. Sarrerak aurrez salgai Uhagon kulturgunean. 5€, bazkideak 3€